Espainiako Gobernuak dagoeneko 1.000 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Europako funtsetatik euskal ekonomia eraldatzen laguntzeko

02/08/2022

Espainiako Gobernuaren kontu-ematearen txostena Euskadin 2022ko lehen seihilekoan

  • Denis Itxaso EAEko Gobernuaren Ordezkaria: “Euskadiko lan-merkatuak finantza-krisiaren aurretik ikusi gabeko zifrak ditu, bai langabeziaren murrizketari dagokionez, bai guztizko enplegu-bolumenari dagokionez”.
  • Eusko Jaurlaritzak Next Generation Europako Funtsetatik 660 milioi euro jaso ditu bere eskumeneko gaietarako inbertsioetarako eta beste 393 milioi Estatuko Administrazio Orokorrak gauzatu ditu ministerio-deialdien bidez.
  • Autonomia Erkidegoari 1.000 milioi euro baino gehiago bideratu zaizkio 2020ko apiriletik ABEEan dauden langileei estaldura emateko eta osasun-krisiak eragindako ondorioak arintzeko
  • Eskumen berriak eskualdatu dira, besteak beste, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketa, dagoeneko 44.666 euskal herritarrek baino gehiagok jasotzen dutena.
  • Txertaketa-planak COVID-19aren aurkako 4,5 milioi txerto dagoeneko bideratu ditu Euskadira

 

Espainiako Gobernuak dagoeneko 1.053 milioi euro Euskadira bideratu ditu euskal ekonomia eraldatzen laguntzeko Berreskuratze Planeko Europako funtsetatik. Denis Itxaso EAEko Gobernuaren ordezkariak datu hau azaldu du Cumpliendo con Euskadi aurkezpen-ekitaldian, 2022ko lehen seihilekoari dagokion kontuak emateko txostena, non Gobernuak autonomia-erkidegoan izandako eragina jasotzen duen. Txosten honek, besteak beste, osasun-larrialdiak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiak markatutako garai baten ondorio ekonomiko eta sozialak ahal den neurrian arintzeko hartutako neurriak eta konpromisoak aztertzen eta kuantifikatzen ditu. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak joan den astean aurkeztu zuen kontuak emateko 'Cumpliendo' txostena, 2022ko lehen seihilekoari dagokiona.

Guztira, eta Europako funtsak gehi pandemiaren ondorio kaltegarriak arintzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia bultzatzeko laguntza batuta, Estatuak 2.700 milioi euro inbertitu ditu dagoeneko (2020ko apiriletik). Gobernuaren inbertsio-ahalegin horrek euskal lan-merkatuaren zifra onak ekarri ditu, Itxasoren arabera. “Euskadik finantza-krisia baino lehenagotik ikusi gabeko zifrak ditu lan-eremuan, bai langabeziaren murrizketari dagokionez, bai guztizko enpleguaren bolumenari dagokionez. Arrakasta hau, alde batetik, EBEEek izan duten trebetasunari zor zaio eta, bestetik, PRTRren funtsak eragiten ari diren bultzada ekonomiko orokorrari, EAEko administrazioak erakundeen artean egiten ari diren ahaleginari gehituta”. Azken Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Euskadiko langabezia-tasa % 8,75ekoa da, Espainiako txikiena.

Kontu-emate honetan ordezkariak Gobernuak orain arte bi fasetan garatutako Ukrainako gerraren ondorioei erantzuteko Plan Nazionala nabarmendu du ere bai. “Exekutiboa arduraz eta enpatiaz jokatzen ari da. Horregatik, premiazko neurriak hartu ditu gerraren ondorioak arintzeko, kolektibo ahulenei eta ekoizpen-sektore kaltetuenei laguntzeko. Gainera, hornidurak bermatzea eta erregaien eta elektrizitatearen prezioak jaistea egin da”.

Besteak beste, honako hauek bermatzen ditu plan honek:

-        Renfek aldirietan dituen bidai anitzeko eta distantzia ertaineko tituluen doakotasuna 2022ko irailaren 1etik abenduaren 31ra (txartel horietarako hobaria % 100ekoa izango da).

-        100 euroko osagarria hilean 16 urtetik gorako ikasle guztien beketarako

-        200 euroko zuzeneko laguntza 14.000 eurotik beherako errenta duten etxeetan bizi diren soldatapekoentzat, autonomoentzat eta enplegu-bulegoetan izena emanda dauden langabeentzat

-        Erregai litroko 20 zentimoko hobaria mantenduko da 2022ko abenduaren 31ra arte herritar guztientzat. (erkidegoan 1.254.628 gidari daude).

-        Garraioaren sektorerako laguntza: Euskadiko 8.094 garraio-enpresak jaso dute laguntza hori

-        Alokairuen eguneratzeak % 2ko igoeraren muga izatea urtea amaitu arte (Euskadin 110.500 etxe bizi dira alokairuan)

 

Halaber, Ukrainako gerraren ondorioa dela eta, Gobernuak herritar ukrainarren aldi baterako babesa jarri zuen abian haien ongizatea zaintzeko eta haien beharrei erantzuteko, bai Espainian daudenei, bai gerratik ihesi irits daitezkeenei. Konpromiso hori, Euskadiren kasuan gauzatu da orain arte aldi baterako 3.578 babes emanez eta, gainera, ehunka plaza sortu dira Nazioarteko Babeseko Harrera Sistemak erkidegoan gaitutako baliabideetan.

 

Europako funtsak

Euskadiri dagokionez, Denis Itxasok, Cumplendo-ren aurkezpenean bereziki azpimarratu zituen Next Generation funts europarretatik dagoeneko jasota dituen 1.053 milioi euroak. Diru honi esker, inbertsioak egin ahal izango dira Euskadiren eskumen-esparruetan, hala nola etxebizitzan, mugikortasun jasangarrian, energia berriztagarrien sustapenean, hezkuntzan eta lanbide-heziketan. Kapitulu hauek  , 660 milioi dira, Eusko Jaurlaritzari esleitu zaizkionak bere eskumeneko esparruak kudeatzeko, eta gainerakoa, (393 milioi) Estatuak berak gauzatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan abiarazi eta ebatzitako Estatuko laguntzen 50 deialdi baino gehiagoren bidez. Deialdi horiek ia 1.000 parte-hartzaileri egin diete mesede; horien artean, 235 toki-erakunde eta erakunde publiko, 470 enpresa eta ikerketa-zentro, 145 fundazio eta elkarte baino gehiago.

Lehen seihileko honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Ordezkaritzak informazio- eta dibulgazio-dinamika bultzatu du ministerioek kudeatzen dituzten Europako funtsen egutegia eta horiek eskuratzeko modua ekonomia-sareari azaltzeko. Horrela, sei lan-jardunaldi tekniko egin dira produkzio-sektoreei PERTEetan jasotako laguntzen xehetasunak eta ezaugarriak aurkezteko. Denis Itxaso ordezkariak eta ministerioetako ordezkariek ibilgailu elektriko eta konektatuaren, nekazaritzako elikagaien, energia berriztagarrien, abangoardiako osasunaren, ontzigintzaren eta ekonomia zirkularraren PERTEak azaldu dizkiete sektoreei. “Europako funtsetan itxaropen sendoak dituzte euskal enpresek trantsizio ekologiko eta digitalaren alde eta oso ondo lan egiten ari direlako”.

 

Covid-19 neurriak

COVID-19aren osasun-krisiarekin lotutako jardueren artean, Euskadik dagoeneko 4,5 milioi txerto-dosi baino gehiago jaso ditu 2020ko abenduaren 27an Txertaketa-plana hasi zenetik.

Gainera, 350 milioi euro baino gehiago aparteko prestazioetara bideratu dira langile autonomoentzat, pandemia hasi zenetik joan den otsailera arte jarduera kaltetu zaienentzat. Bestalde, 208.761 pertsonak jaso dute ABEEen luzapena, 648,2 milioi eurokoa (2020ko apiriletik 2022ko ekainera).

Eta 2,2 milioi euroko aparteko sorospena jaso dute 1.863 jasotzaile euskaldunek lehen alarma-egoeran langabezia-prestazioa agortu eta gero (2020ko abendutik 2022ko ekainera).

 

Hemendik aurrera, partida garrantzitsuenak banakatuko dira, Europako funtsetatik datozen laguntzak barne:

 

Gizarte-kohesioa

Gizarte-kohesioaren atalean, 44.666 euskal herritarrek jasotzen dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera: 30.219 helduk eta 14.447 adingabek. Estatuak joan den martxoan Euskadiri eskualdatu zion BGDren kudeaketa autonomikoa, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren izaera bateratuaren eta elkartasun-printzipioarekiko errespetuaren barruan. Ukrainako gerrari erantzuteko Gobernuaren planak jasotzen duenez, BGDa % 15 igoko da. Itxasok azaldu duenez, “Gobernuaren borondateak Gernikako Estatutuaren garapenarekin ez du inolako zalantzarik onartzen. Baina eskualdatzeke dauden gaiei buruzko akordioak lortzen direnean, balioa izan behar dute, bai finantza bai teknikoki. Segurtasun juridikoa behar dute. Eta horrek denbora behar du instantzia judizialetan errekurtsoak saihesteko”.

Guztira 568.231 pentsiodunek jaso dute pentsioen balioa KPIaren arabera handitzea 2022an. Eta kotizazio gabeko pentsioen 12.681 jasotzaileek % 15eko igoera izan dute, hau da, 60 euro gehiago hilean.

Halaber, 15.697 pertsonak baino gehiagok eduki dute amatasun-osagarria eta/edo pentsioetan genero-arrakala murriztekoa. Ia 117.000 langile publikok % 2ko ordainsari-igoera izan dute.

Bestalde, 52.160 euskal herritarrek bonu sozial termikoa izan dute eta 39,7 milioi euro eman dira hiru ildotan zainketa-politiken proiektuak finantzatzeko: iraupen luzeko zaintzak, gizarte-zerbitzuak eta eskuragarritasun unibertsala.

Beste 135,2 milioi euro mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko adostu dira eta 24,3 arrazoizko alokairuko etxebizitza sozialak eraikitzeko erabili dira, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

 

Lurralde-kohesioa

Lurralde-kohesioari dagokionez, Gobernuak lehen seihileko honetan hainbat trenbide-inbertsio egin eta egiten jarraituko ditu. Haien artean nabarmentzen dira  27,5 milioi euroak, Jundizko terminal intermodal eta logistikoa eraldatzeko trenbide- eta elektrifikazio-obren kontraturako. Era berean, bi protokolo sinatu dira, Eusko Jaurlaritzarekin, Bilboko eta Vitoria-Gasteizko udalekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, abiadura handiko trena euskal hiriburuetara iristeko bidean aurrera egiteko. Eta Burgos-Gasteiz proiektua lizitatu da, AVE Vitoria-Gasteiz eta euskal “Y”a lotuko dituen linea definituko duena.

 

Trantsizio ekologikoa eta berrikuntzari laguntza

Trantsizio ekologikoan autonomia-erkidegoak, besteak beste,  37,2 milioi euroko laguntza jaso ditu energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumorako eta biltegiratzerako programetarako. Eta berrikuntzari laguntzeko, beste 43,4 milioi euro Garapen Teknologiko Industrialeko Zentroaren (CDTI) enpresetako I+G+B proiektuetarako laguntzetan, 90 proiektu finantzatzeko. Beste 14,6 milioi euro Estatuko Osasun Sistemako goi teknologiako ekipoak erosteko eta 49,1 hiri-mugikortasuna digitalizatzeko eta deskarbonizatzeko erabili dira.

 

Kultura eta kirola sustatzea

Kirol arloan, Emakumezkoen Futboleko Liga Profesionaleko euskal klubek CSDtik 3,8 milioi euro jaso dituzte beren instalazioak hobetzeko.

Halaber, bi milioi euro banatu dira kultura-sektorean 50.000 biztanletik beherako udalerrietan erakusketa-aretoetarako, argitalpen-industriarako eta irakurzaletasuna sustatzeko. Bestalde, 21.500 euskal gaztek baino gehiagok jaso ahal izango dute berriki abian jarritako Gazte Kultura Bonua. Kultura Ministerioak 8,6 milioi euro bideratuko ditu Euskadira jarduera horretarako.