Justizia Ministerioak Unitate Judizial berria sortuko du Euskadin Epaitegien saturazioa saihesteko pandemiaren osteko motelaldiaren ondorioz

08/10/2020

Pandemiaren aurkako premiazko neurrien jarduera-plana

Justizia Ministerioak gaur Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari igorri dio Euskal Autonomia Erkidegoan Unitate Judizial berri bat sortzeko proposamena pandemiak iraun bitartean,  "Justizia Administrazioaren egiturazko motelaldi luzea" dela eta, epaitegiak saturatu ez daitezen. Neurri horrekin, Justizia Administrazioaren eremuan COVID-19ri aurre egiteko prozesu- eta antolaketa-neurriei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legea hilabete baino gutxiagoan betetzen du Justiziak, sortu berri diren unitate batzuk urte honen amaieran martxan jar daitezen.


Euskal Unitate Judizial berria Bilboko Merkataritza Arloko 3. Epaitegi berria da.

COVID-19ren osasun-krisiaren ondorioz Justizia Administrazioan izandako motelaldiak bultzada eraginkorra eskatzen zuen, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera ezarri zenetik etenda eta metatuta zeuden prozeduren bolumenari irtenbide arin bat emateko.

Juan Carlos Campo Justizia Ministroak joan den uztailaren 7ko Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan iragarri zuen anbizio handiko ekintza-plan bat onartuko zuela, gizarte- eta ekonomia-arloan premiazko neurri osagarriak hartuko zituena, COVID 19ri aurre egiteko eta osasun-krisiaren ondoriozko auzien pilaketa arintzeko.

Plan horrek bi fase ditu eta 315 epaitegiri eragingo die, batez ere lan-arloko, merkataritzako eta administrazioarekiko auzien arloko ordenei. Planta judiziala COVID 19 krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko aukera emango du 3 urteko epean (plazen herena lehenengo urtean sortuko da), betiere ohiko lan-kargaren bolumena, pandemian izandako motelaldiaren ondoriozko igoera eta baliabide pertsonal eta material erabilgarrien optimizazio hobea kontuan hartuz.